HATXE. Teatro giroko musika.

HATXE. Teatro giroko musika.

BERRIA egunkaria. 2021/12/21 (Andoni Imaz)

Bateriak ezartzen du erritmoa, trostan elkartzen zaio pianoa, eta haien gainetik ageri dira biolina eta ahotsa, arin, jauzika. Antzoki batean daude erosoen, hori da lekurik aproposena Hatxerentzat. Hatxe Idoia Hernandez da, baina Ilargi Agirre, Peru Galbete eta Jurdana Otxoa ere badira Hatxe. Panpin hautsien dantza diskoa atera dute aurten, eta atzo aurkeztu zuten Sormenen, Galdakaoko Torrezabal aretoan (Bizkaia), kontzertu labur batean.

Bereziak ziren formatua eta plaza, eta taldeak alde batera utzi zuen diskoa aurkezteko orain arte erabili duten modua: hura osatzen duten lau kantak etenik gabe jotzea, elkarren atzetik. Atzoko kontzertuan, berriz, euren proiektua aurkezteko aprobetxatu zituzten tarteak, eta, bide batez, txalo jotzeko aukera eman zieten entzuleei. Hernandezen hitzetan, «performatiboa» da haien proposamena. Agertokira igotzen dira arropa bereziak soinean, jantzi luzeak, beltzak eta granateak, botoi deigarriekin. Musikak ez ezik, horrek ere laguntzen du murgiltzen kabaret edo teatro giroan.

Esan liteke kantu instrumental batekin abiatu zutela kontzertua, nahiz eta Galbetek abestu egin zuen, harentzat instrumentu nagusia delako ahotsa, eta, hitzik esan gabe, gainontzeko tresnen melodiari lotzen zaiolako, modulatuz, bizitasuna moldatuz.

Haren ondoren, Baso kanta leuna, Galbeteren beraren hitzekin, eta, atzetik, Histeria, Galbeteren ahotsaren eta Otxoaren biolinaren arteko elkarrizketa inprobisatu batekin. Iaz, taldeak bideo bat sortu zuen kontu horrekin batera, Maria Elorza zinemagilearekin kolaboratuta, Azpeitiko Sorkuntza bekaren bidez. Hernandok berak jarri zion ahotsa hurrengo kantari, testu bat errezitatuz, antzerki kutsua nabarmenduz. «Munduko erdigunea izatetik mundu oso bat».

Ia sei minutuko kanta batekin bukatu zuten kontzertua, D(r)ama, ezti hasi eta lehertzera iritsiz, tristurari lekurik kentzeko asmorik gabe: «Bizi minak ukatu behar direla diote/ aldiz, poza, pozez, pozik/ konstante», esaten zuen Hernandezek idatzitako letrak.

https://www.berria.eus/albisteak/191343/teatro-giroko-musika.htm