
Birkite Alonsok 2017an bakarlari gisa hasitako proiektua dugu Birkit. 2000aren lehen hamarkadan Eorann eta Red Carmine taldeetan aritua, 2017an ”Emen” izeneko bakarkako debutan gitarra elektrikoa eta piano hutsak uztartu zituen, sei urteko etenaldian zehar mamitutako soinu eta gogoetak islatuz.
2021eko azaroan eta Mukuru kolektiboaren partaide berri bezala “Inertzia” izeneko bigarren lana talde formatuan aurkeztu zuen Ilargi Agirre, Mikel Palenzuela eta Patxi Agirrerekin batera. “Inertzia” Mikel Kazalisek grabatu zuen Zarautzko Fidelenea estudioan. CDaren diseinua eta argazkiak Aitziber Orkolagarenak dira.
2024ko urrian “Erosen Heriotzak” izeneko lau abestiko EPa argitaratu dute 10″ko biniloan eta formatu digitalean, Claudio Pavanek Ilargi Agirre baterian ordezkatu duelarik. Birkiten berriena lan kontzeptuala da; maitasun errealen eta idealizatuaren arteko guduaren emaitza, aitaren heriotzatik eta minbizi-arriskuaren esperientzia pertsonalatik abiatutako odisea.
Abestiak Ander Barriusok (Elektrika Grabaketak) aurtengo irailan grabatu ditu Zarautzko Noise Estudioan, atmosfera pertsonal ezberdinek osatutako rock iluna eta tinkoa proposatzen dutelarik. Biniloaren azala eta kontrazalaren diseinua Danel Eizagirre artista ondarrutarrarena da, hitzetan oinarritutako margolana oleoan. Aitziber Orkolagak taldearen argazkiak egin ditu beste behin.