2022ko Irailaren 2an, ostiralez Astigarretan aurkezpez kontzertua (argazkian) egin zuen Urretxu-Zumarragako taldeak bigarren lana argitaratuz, 8 kantuz osatua.
2018ko Erreferak esperantza estreineko diskan hasitako bideak jarraipena izan du abesti-sorta honetan, baina tresna, giro eta kolore berriekin zipriztindu da.
Batetik, Paxkal Irigoyen bosgarren kidea gehitu da, teklatua, saxofoia eta ahotsekin diskari bere ikutu berezia erantsiz. Bestetik, Kezman efektuak erabiltzen hasi da, ahotsean zein tronpetan: oihartzunak, zortzidunak, eta abar.
Eta oro har konposaketan zein kantuen itxuran aniztasun handiko diska da. Egile-popa edo pop urduri eta ausarta bezala izendatzen duten estiloan berritasun nabarmenak sartu dituzte.
Ahotsez soilik osaturiko kantu bat dago, ikutu asiar, arabiar zein mexikarrak topa litezke, erritmo eta metrika bakoitiak eta aldakorrak, polirritmiak, distortsioak, zintzarriak…
Hitzetan ere anitza da Euri-ura. Ogñi Somarrek (Txost!-en eta Isuo ta Kezmanen kolaboratzaile ohikoa) eta Gorka Erostarbek hartu dute parte. Poema alai eta zoroez gain, amodiozko kantu bat, kritika soziala, kexa, desadostasuna zein hausnarketa existentzialak jorratu dituzte.
Euri-ura Mukuru kolektiboaren 17. erreferentzia dugu. Ekoizpena taldeak berak egin du, soinuari zein edizio fisikoari garrantzi eta mimo berezia eskainiz.