HATXE berrian

Hatxe

2018ko ekainak 3

Musika edo estilo jakin batzuk norberaren umorearen eta aldartearen arabera sartzen dira ongi. Nik baditut disko batzuk beti egun ona dudanean entzutea gustatzen zaidanak, eta aldiz, beste batzuk une tristeetarako gordeta izaten ditudanak. Baina badira edozein momentutan mesede egiten dizuten musika proposamenak ere. Azken asteetan deskubritu dudan proiektua sailkapen horren barruan sartuko nuke. Hatxe izena du Idoia Hernandez musikari oiartzuarraren proiektuak. Pianoz osatutako abestiekin Lehena diskoa kaleratu zuen iazko udan, eta, geroztik, hainbat zuzeneko eman ditu.

Joan den asteburuan izan genuen aukera bertatik bertara ezagutzeko Donostiako Dabadabara agertu ginenok, Ainara LeGardonen aurretik jo baitzuen Hatxek. Hirukote gisara igo ziren taula gainera. Hernandez bera pianoan, Peru Galbete ahotsarekin eta Inner Galaktik artista lientzo zuria aurrean zuela. Musika klasiko garaikideko piezak aurkeztu zizkigun Hernandezek, Peru Galbeteren ahots berezi eta hunkigarriaz lagunduta, eta, bitartean, Inner Galaktik artistak zuzenean pintatu zuen. Galbeteren abestiak ere tartekatu zituzten errepertorioan, gitarrarekin bakarlari bezala ere ibiltzen baita Peru eta Voces de la selva diskoak ditu, hain zuzen ere-.

Piano desafinatu batean sortutako abestiak dira Hatxerenak. Musikariak behin Euskadi Irratiko Arratsean saioan kontatu zuenez, instrumentua batere jo gabe denboraldi bat pasatu eta gero, Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean zerbitzari gisa hasi zen lanean, eta, bakarrik zegoen uneetan, hango piano zahar eta desafinatuan denbora-pasa gisa sortutako ideiak abesti bihurtu ziren denborarekin.

Hatxe eta Peru Galbete orain gutxi sortutako Mukuru kolektiboko partaide dira, beste bederatzi talderekin batera. Musika industria hegemonikoari alternatiba bat eskaintzeko gogoarekin jaio da egitasmoa, eta, beste hainbat helbururen artean, musikarien arteko harremanetan sakondu nahi dute. Pozgarriak dira halako albisteak, inondik ere.