Mukuru mundurat!

Berria eta Badok atari digitaleko artikulua:

Sortzaileen kolektibo berri bat sortu dute: Mukuru

Musika industria hegemonikoari «alternatiba bat» eskaintzeko gogotan jaio da Mukuru. Euskal Herri guztiko 11 taldek osatzen dute gaur-gaurkoz: Paxkal Irigoien, Hatxe, Txost, Kaskezur, Klak!son, Muskulo, Peru Galbete, Seitan, Isuo ta Kezman, Nigara Zuek eta Iturria. Txost eta Isuo eta Kezman taldeetako Josu Isaiasek azaldu du asmoa: «Musika industrian ikusten dugunaren aurrean, sortzailearen eta publikoaren arteko harreman gertukoago eta horizontalago bat izan nahi dugu. Guk sortua izatea, musika industrian mugitzen diren multinazionaletatik kanpo». Euren musika zabaltzeko «bestelako bide batzuen aldeko apustua» egin nahi dutela azpimarratu du Isaiasek, egungo industrian nagusi diren «Youtube, Spotify, Facebook eta antzeko bideen» ordez. Kaskezur izan zen Mukuru zigilupean diskoa ateratzen lehena, eta gainontzekoek ere hala egingo dute aurrerantzean.

Kaskezur arg

Kaskezur taldearen diskoa da Mukuruk argitaratutako lehenengoa.

Musika sortzaileen arteko harremanean ere sakondu nahi dute, «elkarlanean, bakoitzak bere bailara ere gainditu dezan». Musikarien arteko kolaborazioak jada sortzen hasi dira, Isaiasen arabera.

Mukuru festak
Kolektiboa eta berau osatzen duten taldeak «jende gehiagorengana» iristea da orain Mukururen lehen asmoa. Web orria sortua dute horretarako —www.mukuru.eus—, eta zenbait «Mukuru festa» antolatzen ari dira han-hemen. Antzuolan (Gipuzkoa) egin zuten lehena, eta Itsasuko (Lapurdi) Goxoki gaztetxean izango da hurrengoa, hilaren 31n, ostegunez.