Muskuloren disko kritika Badoken

Muskuloren disko kritika Badoken

Disko kritika: “Esan gabe doa” (Muskulo)

2015ean hasi zuen bere ibilbidea Muskulo taldeak, triku bat errepidera atera zuten unean. Geroztik, experimental soundtrack music jorratzen aritu dira – hala dio behintzat haien Mukuru zigiluaren webguneko deskribapenak -, nahiz eta ez duten sekula zinema areto handietarako musika sortzeko saiakerarik egin. Film laburrei bai, horiei jarri izan diete musika, nahiz eta orduko hartan lehenago heldu ziren soinuak irudiak baino. 2017an izan zen hori, hainbat lagunek Lau disko laburreko kanta bakoitzari irudiak jarri zizkiotenean. Irudikatzea baino, iradokitzea izan da, beraz, beraien xedea azken bost urte hauetan; tronpeta, gitarra, baxua eta bateria lanabes nagusitzat hartuta.

Esan gabe doa izeneko disko luze hau lan guzti horren ondorio da, oraingoz irudirik gabe datorrena, azaleko margo abstraktua salbu. Hamar kantu dira, denak Muskuloren iruditeria bakarretik datozenak, bakoitzak mundu oso bati ateak zabaltzen dizkion arren. “Bufalo laukotearen odola” da lehena, far west urruneko gaizkile anker bezain karismatiko batzuen balizko istorio baten izena duena. Dotorea da abestia, epikoa ere zenbait zatitan; eta bai, soinu banda baterako ere egokia litzateke. Ildo beretik doa “Roxali”, desertuaren mugetan eta Calexico taldearen koordenadetan koka genezakeena. “Martina”k, Café Teatro talde gipuzkoarraren Burga diskoaren amaiera dakar gogora, umeen ahotsak erabiltzeaz gain talde hark zuen soiltasunaren zantzuak baititu. Horixe da diskoko piezarik ederrenetako bat, ziur aski. Pasadizo hauen narratzailea den Iker Fernandez kantariaren ahotsak egiten du lehen agerraldia jarraian, besteen bizitzei begira, “bazoaz ala bazatoz?” galdegiten duen pertsona baten nondik-norakoez aritzeko. “Pio XII–New Delhi” du izena kantuak eta kutsu arabiarreko gitarrak eta klarinete bat entzun litezke bertan, beste hainbat konturen artean. “Dale Maikel Nait!” da zerrendan hurrena, Muskuloren hirugarren diskoa entzuten ari garela ohartarazten digun pieza bizi-bizia, eta “La Nouvelle Vie d’Elia”ren txanda da gero, balalaika batez eta perkusio gisa erabilitako tresna metaliko ezohikoen laguntzaz datorrena. “Euliaren azken hegaldia” da ondorengo kontakizuna, instrumentala, gehientsuenak bezala. Hileta baterako fanfarria batentzat sortutako konposizio egokia izan zitekeen, Big Boytaldekoak ere aseko lituzkeena. Azkenik, “Torero Pon Pon” baxu jolasti baten gainean eraikitako abestia entzungo dugu, eta “Alaia” pieza xumeak Erik Truffazen tronpeta konposizio lausoenak gogora dakartzan “Itsasoa laino dago” herrikoiaren moldaketara garamatza, modu ezin egokiagoan.

Bistan denez, zaila da arnasaldi bakarrean disko honek eskaintzeko duen guztia aletzea. Hamaika dira parte hartzen duten elementuak eta une berean jokatzen ari diren partida guztiez ohartzea gaitza gertatzen da batzuetan. Muskuloren musikak aukera zabalak eskaintzen dizkigu, instrumentu, kontzeptu, doinu eta hots bilduma oso bat jartzen baitu gure esku, geuk ere beraien jolasean parte har dezagun. “Zerbait esan nahi dizugu, lerro artean geratu ohi den zerbait, hitzetatik haratago doana”, dio Oarsoaldeko taldeak une batean. Letren arteko hutsunea betetzea da egitekoa, beraz, irudimenarentzat bazka baita Muskulok eskaintzen diguna. Laudatzekoa da egindako saiakera eta eskertzekoa entzuleari egiten dioten gonbita, halako aukerak urriak izaten baitira.

https://www.badok.eus/musika/disko-kritika-esan-gabe-doa-muskulo/

Jon Urzelai