Txostunak diska berria prestatzen ari dira

Txostunak diska berria prestatzen ari dira

2018an argitaratu zuten estreineko diska, “Erreferak esperantza”. Geroztik, Txost! taldea zuzenekoak emateaz gain kantu berriak sortzen aritu da une oro. Zuzenekoak gutxitu direnean, kantu berriak are eta gehiago lantzea izan da txostunen hautua, eta 2021eko uda honetan kasik prest dute bederatzi kantuko lan berria izango dena.

Zuzeneko emanaldietan zentratzen den taldea dugu Urretxu-Zumarragakoa, eta diskan aterako diren kantu batzuk jada zuzenekoetan emanak izan dira, nahiz eta aldiro eraldatzen jarraitzen duten. Txostunen musika-iturritik irtetzen den ur garbia zikintzen ari dela esan dute batzuk. Jada ez direla lehen diskoan ziruditen mutiko alai eta naifak. Disko berria oso anitza da, baina badaude “ez gaude ados” estiloko kantuak ere, bai musikan bai hitzetan, orain arte baino gauza zakarragoak. Elementu eta soinu desberdin ugari izango ditu, dena den. Hitzetan kolaborazioak izango dira: Ogiñi Somar eta Gorka Erostarberenak.

Fanzine bat ere argitaratu dute, taldeari eginiko elkarrizketa luze batekin, “Kultur aterkia” ekimenaren eskutik. Momentuz paperean bakarrik atera dute eta Txost!en zuzenekoetan eskuratu daiteke. Gauza ikaragarriak esaten dituzte elkarrizketa horretan, eta digitalean atera ezkero edozer gerta liteke. Badakigu Txost! araudiaren mugan jokatzen duen taldea dela. Lau t’erdiko arrastoaren gainean ez, baina ahalik eta gertuen eginarazten diote punpa pilotari. Hau ez da tenisa, lagunok.