Musikak zeharkatzen gaituen lagun talde bat gara. 2018an hasi ginen elkartzen, hemengo eszenan izateko, egiteko, partekatzeko eta bizitzeko era amankomunen bila.
“ez gara handi, baina gertu, mukuru gara”
GU GARA MUKURU
Indarrak metatuz gure sorkuntzak zabaltzeko asmoz sortu genuen Mukuru.
Gure musikak xede komertzialetik aldendu nahi du, bihotzetik egina, elkar lagunduz, artista ezberdinak sortzera bultzatuz. Euskal Herrian egina da.
ALBISTEAK
17-03-2025
Kaixo lagun! Mukurutarrek agurtzen zaituzte. Haien burua ongi definitzen asmatzen ez duen musikari kolektibo sinpatikoa gaituzu. Elkar sustengatzen dugu, geure sena adi eta esna mantentzen laguntzen diogu elkarri, terapiarako tarteak eta sorbaldak partekatzen ditugu. Musikari-terapia. Geure gogo, proiektu berri eta zalantzak aipatzeaz gain elkarrekin proiektuak martxan jartzea maite dugu, Mukuru festak adibidez. Aurtengo irailaren amaieran antolatu nahiko genuke hurrengoa eta asteburuko programa dugu gogoan, kolektiboaren inguruko lagun, ezagun edo miresten ditugun pertsonekin batera tailer, emanaldi, kontzertu, mahai inguruekin osatutako egitaraua. Saretzea beti helburu! Ideia pila bai baina lekua dugu faltan. Bat genuen buruan eta ezinezkoa izango dela jakin dugu... Zuen irudimen eta sareei deialdia da hau beraz, ideia bat baldin baduzue; herri txiki batetako espazio ta larreetan, autogestionatutako bestelako espazio batetan, kanpin abandonatu bat, baserri zahar baten lurretan... Jakinarazi iezaguzue eta elkarrekin moldatuko gara! Milesker eta besarkadak, segidan Mukuruko proiektu batzuen berriak dituzue. Ah! Ongi etorria gure kolektibora Maider Lasa! hohoho! www.mukuru.eus Mukuru osatzen duten proiektuei buruzko berriak: Xak Xak da Paxkal Irigoyenek hartu duen izen artistiko berria eta diska aterako du laster. Haren azken pausuak lotzen dabil, baita gira eta abar. Kontent da diskoarekin. Aldi berean Bloñ- ekin azken kontzertu batzuk joko ditu primaderan. Ekhi Lambert Zuzenekoetarako bakarkako formatua lantzen dabil Ekhi. Baita Irisarriko kabalkadako musika sortu berri du, uztailaren 13 eta 19an emango da. Kontzertua ikuskizun bezala pentsatzen dabil, zuzenekoeri beste ukitu bat emateko helburuz. Kanaldudeko Fuga emankizunerako grabatu zuten bideoa ikus dezakezue hemen. Hatxe Sorkuntzan lanean darrai Idoiak. Aurretik egindakoarekin hautsiko luketen kantuak sortzen. Horretaz gain, oposaketak prestatzen dabil, musikaz bizitzeko ezintasunak bultzatuta. Irungo LGTBQ+ kolektibo batekin soinu proiektu bat gidatzen ari da. Zer izango da H gero? ez dauka argi. Peru galbete Peru Galbete musika ta bizitza ezin separatu dabil. Jende ezberdinekin ari da musika egiten eta bizitza nomada hartzea erabaki du. Disko bat izan daitekeena du buruan, ikusteke zein forma hartuko duen. "Ilargiaren alabak" antzezlanerako Maider Lasarekin egindako soinu banda publikatzeko bidean dira baita ere. Bitartean "Vulnerable" dantza ikuskizunean zuzenekoetan aurkituko duzue, apirilaren 5ean estrenatuko da, Donostiako Gasteszenan. Hemen agertzen ez diren arren kolektiboko partaide dira baita ere: Nigara zuek, Txost!, Lorea Zulaika / Kadira eta Hegazkin. Isuo Disko berria izango denaren konposaketa lanak abenduan bukatu ondoren, grabaketak eta kanten azken ukituetan dabil Isuo, Bargirekin batera. Diskoa ekainerako prest egotea du helburu. Azken garaietan sentitzen duen neke musikalari buelta ematen dabil zorionez! Birkit Azaroan kaleratutako EPa aurkezteko zuzenekoetan murgilduta dabil Birkit laukotea. Hurrengoak hauek izango dituzte: Apirilak 12 Psilocybenea - Hondarribi Maiatzak 1 Kafe Antzokia - Kutxa Beltza Bilbo Maiatzak 31 Gasteizko Gaztetxea - Hala Bedi Irratiko Jaialdia. Maider Lasa Maider Lasa dugu Mukuru-kide berria. Arte eszenikoetan dabil batez ere, bartzelona eta Euskal Herriaren artean, ahotsa eta gorputza ardatz. "Loa loa laguna" izeneko proiektua sortu zuen duela urte batzuk, euskal lo kantuak performatuz. Hurrengo pieza bati bueltak ematen dabil, diska forma hartuko duena « ahots hutsa » izenez. Kantu lirikotik dator eta zuzeneko dispositiboak lantzeko gogoa du, dialogo aktibo bat sortuz entzule/ ikuslearekin. Gori Gori Ander Fernandez (Nigara zuek) eta Ainara Gurrutxagak osatutako bikoa bueltan izango dugu udaberrian! Dejabu konpainiaren Itzulera lanaren birak geldialditxoa ekarri dio Gori gori- ri eta kanta berriak sortu eta lantzeko probestu dute berau. Hauek oraingoz dituzten datak: Ekainak 7a Andoaingo Rock jaialdia Uztailak 18 La fête aux Sotisses (Biarnoko salis) Uztailak 22 Indio rock jaialdia - Orereta.
22-10-2024
Honatx Mukuru musikari kolektiboaren udazkeneko buletina. Kolektiboaren parte garen musika proiektuen nondik norakoak aurkezten dizkizugu bertan. Nahi izan ezkero korreoz jaso dezakezu: HARPIDETU HEMEN Mukuru osatzen duten proiektuei buruzko berriak: Birkit Hemen da Birkit-en EP berria, kalean, sarean eta biniloan! "Erosen heriotzak" du izena eta Zarauzko Noise estudioan grabatu dute, Ander Barriusoren gidaritzapean. Disko tematikoa da, maitasun erreal eta idealizatuen arteko borrokaren ingurukoa. Lan honetarako Claudio Pavan baterijole berriaren parte hartzea izan dute. Entzun hemen Hatxe Panpin Orkestrarekin egindako kontzertuko 3 kantu argitaratuko ditu urte honen hondarretan. Horiekin batera 2 bideo ere aterako ditu. Hortaz gain urriaren 25ean kontzertua eskainiko du, bakarka, kutxa fundazioan Eneritz Furyak- ekin batera. Txost! Txost! taldeak 2024ko Brinkolako festetako pregoia eman zuen (Brinkolako Txalaparta Taldearen laguntzaz) modu berezi, alai eta aldarrikatzailean. Abenduaren 15ean Antzuolan ariko dira "Gehiago gara" ekimenaren bigarren aurkezpenean. Isuo Isuo burubelarri ari da 2025. urtean argitaratuko duen disko berria lantzen. Antzuolan aurrerapentxo bat eskaini zuen zuzenean, Irimo Bizirik elkartearen ekitaldi batean. Urtea amaitu aurretik grabatzen hasiko da. Peru galbete Peru Galbete bizirik dago eta jarraitzen du kantatzen. Hortaz aparte, "Ilargi gorri" antzerki piezaren soinu banda osatu berri du Maider Lasarekin batera, "Nunavut" dantza ikuskizunarekin emanaldiak egiten dabil, "Anekume" filmaren grabaketan parte hartu du... Paxkal Irigoyen Maia Iribarnerekin batera martxan jarritako Bloñ proiektuarekin oihartzun ederra lortu dute, teloiaren gibelean ordea bakarkako disko berria izango dena su txikian lantzen darrai. Gori Gori Ander Fernandez eta Ainara Gurrutxagaren musika proiektu berria da Gori Gori. Urrian 3 kantu argitaratu dituzte, ematen ari diren zuzenekoen aurrerapen moduan. Azaroak 1ean Bonberenean izango dira Eneritz Furyak- ekin batera eta abenduaren 5ean Baionan, Barnez kanpo-rekin, St esprit bistroan. Entzun hemen Ekhi Lambert Zuzeneko formatu ezberdinetan oholtzaz oholtza dabil Ekhi azken hilabeteetan. Bakarka, biko zein lau edo 9ko formatuan ari da han-hemenka. Udazkenean zehar zuzeneko bideoak argitaratuko ditu. Hegazkin Alayn Carazok eta Isuok osatzen duten taldea lanean ari da 2025ean argia ikusiko duen EPa prestatzen. Arnas luzeko elektronika giroak datoz! Nigara zuek Gori Gori bikoarekin ibiltzeaz gain, Dejabu laborategiaren antzezlan berriaren soinu banda sortzen dabil burubelarri Ander. Urtarrilean estreinatuko da eta soinu banda diska moduan agertuko da agian... Kadira Lorea Zulaikaren Kadira proiektua lozorroan dagoen arren kanta berrixetan lanean hasten dabiltza. Laster izango dugu haien berri gehiago.
16-10-2024
Heldu da EROSEN HERIOTZAK, Birkiten disko berria. "Erosen Heriotzak" lan kontzeptuala da, maitasun errealen eta idealizatuaren arteko guduaren emaitza. Aitaren heriotzatik eta minbizi-arriskuaren esperientzia pertsonaletik abiatutako odisea. Abestiak Ander Barriusok (Elektrika Grabaketak) aurtengo irailean grabatu eta modu analogikoan nahastu ditu Zarauzko Noise Estudioan. Diseinua eta taldearen argazkiak Danel Eizagirre eta Aitziber Orkolaga lagunenak dira. Laster aurkezpen kontzertuak iragarriko dituzte. ENTZUN Hainbat plataforma digitaletan dago entzungai, eta 10"ko biniloa taldearen bandcamp gunean dago salgai: https://birkit.bandcamp.com/album/erosen-heriotzak